XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

urrearen prezioan lor zezaketeen atsegin bakarti eta lotsagarrientzat baino lekurik.

Elizak beteagoak zeuden aienez esker-emaitzaz baino.

Hiri ilun eta hotzean, korrika zebiltzan haur batzuk, gainean zuten mehatxuaz oraindik ere jabetu gabe.

Baina inor ez zitzaien ausartzen antzinako jainkoaren berri ematera, opariz betea, gizakien nahigabea bezain zaharra, baina itxaropen gaztea bezain berria.

Itxaropen guztiz ilun eta guztiz zaharrarentzat baino lekurik ez zegoen denen bihotzetan, gizonak heriotzera joaten utzi ez eta bizitzeko tema hutsa besterik ez den itxaropen hori bera.

Bezperan, Grand ez zen agertu bere zitara.

Rieux, kezkaturik, haren etxetik pasa zen goizean goiz eta ez zuen aurkitu.

Mundu guztia erne jarri zuten.

Hamaikak aldera, Rambert hospitaleta etorri zen Grand urrutitik ikusia zuela esatera, kaletan barrena noraezean, aurpegia mazkaldurik.

Gero galdu egin omen zuen.

Tarrouk eta doktoreak kotxea hartu zuten haren bila joateko.

Eguerdian, jelatzen, kotxetik irten zuen Rieuxek, urrutira Grand ikusi zuen, egurrean zabarki landatutako jostailuz betetako eskaparate baten kontra ia itsatsita.

Etengabean malkoak zerizkion funtzionari zaharraren aurpegiari.

Eta malko hauek burua nahasi zioten Rieuxi, ondo asko ulertzen bait zion honek, berak ere eztarri barruan somatzen zituelarik.

Berak ere gogoratzen zuen nola dohakabeak ezkon hitza eman zuen, Gabonetako eskaparate baten aurrean, eta nola Jeannek, beregana jiratuz, pozik zegoela esan zion.

Garai bateko urte haien sakonetik, eromen honen bihotzeraino, Jeanneren ahots freskoa zetorkion Grandi, ez zegoen horretan dudarik.

Rieuxek bazekien nigar-malkotan zegoen gizon hura minutu hartan bertan zertan pentsatzen ari zen, eta hark bezala, berak ere pentsatzen zuen mundu hau maitasunik gabe mundu hila litzatekeela eta etorri ohi dela ordu bat non aspertu egiten bait da norbera espetxeekin, lanarekin eta adorearekin, izaki baten aurpegia eta samurtasunaren bihotz liluragarria eskatzeko.

Baina besteak kristalean antzeman zuen.

Nigarrari eutsiz, jiratu zen eta eskaparatearen kontra jarri zen hari begira.

- Ai! doktore, ai! doktore -zioen.

Rieuxek buruari eragin zion baietz esatearren, hitzegiteko gauza ez zela.

Berea zuen haren bihotz estura eta momentu hartan bihotza bihurkatzen ziona zera zen, gizon guztiek zatibanatzen duten oinazearen aurrean gizonari sortzen zaion haserre bizia.